XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beti lez. Inesek bazuen zerbait niri ihes egiten zidana.

Hitza. Agian hori zen. Ez genuen hitzegiten.

Inoiz hitzegin izan diot Inesi berari buruz.

Bera ere nitaz maiz iharduten zitzaidan.

Maizago. Ni, hori edo hura nintzen. Horrelakoa edo halakoa.

Nigan gauza hau edo bestea zekusan.

Baina inoiz ez genuen biotaz hitzegin.

Geure arten genituen harremanak ez genituen inoiz kuestionatu.

Bion artean bazen zerbait oso hertsia.

Elkarri oso uzkaldurik ginen.

Baina hori ez genion inoiz elkarri esan.

Agian bildurra genion bioi buruzko galdera hari.

Bildur ginen zerk lotzen ginduen jakiteko.

Nik, izugarrizko burruka izan nuen neure buruarekin.

Ines maitatzen nuela neroni aitortzeko.

Baina ene sentimendu hura Inesi esatea besterik zen.

Bere haragia soilik nahi izan banu, aspaldidanik elkarrekin oheratuak ginake.

Baina nik zerbait gehiago nahi nuen.

Inesen misterioa bortxatu nahi nuen.

Inesen lagunak, familia, ene etxetik at egiten zuen bizitze hura ez nuen ezagutzen, baino hori zen gutiena.

Areago, beste zerbait sakonago eta ezkutuagoak ihes egiten zidan.

Ez zitzaidan aski mundua Inesen begietatik ikustea, Inesen begiak nahi nituen.

Haren pentsamenduak jakin eta pentsatu nahi nituen.

Hura zen Ines, ihes egiten zidan funts hura.

Eta nik Ines hura nuen maite.

Espero nuen inoiz bateratuko ginela eta itxaropen hori zen ene maitasunaren sostengua.